"Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista" izeneko egitasmoak jasoko du Selma Huxley Barkham ikerketa beka

2017/10/10
Card image cap
Irati Garaik eta Jone Arrazolak aurkeztutako proposamena da

  Astean bertan onartu dute bi ikerlariek udalak eskainitako beka eta lanean hasteko diru laguntzaren % 40a jasoko dute.
Hiru egitasmo aurkeztu ziren udalak lehen aldiz deitu zuen Selma Huxley ikerketa bekara: Emakumeak eta lana XX. mendean: Oñatiko emakumeen memoria kolektiboa genero ikuspegitik berreskuratzen, Kontatzen ez dena ez da existitzen: Oñati 1950-2017 eta ia aipatutako Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista izenekoak.

  Hartarako izendatu zen epai mahaiak hiru proposamenak baloratu zituen aurrez zehaztutakoirizpideak gogoan: proiektuaren planteamendua, argitasuna eta bideragarritasuna, Oñatiko udalerriaren isla eta egileen curriculumak eta berdintasun eta feminismoan izandako ibilbidea eta prestakuntza. Puntuazioa kontutan hartuta Irati Garai Aldekoak eta Jone Arrazola Maiztegik aurkeztutako proiektua babestea erabaki zen. Udalak ematen duen lehen Selma Huxley Barkham ikerketa beka beraz, bi oñatiar gazte hauek jasoko dute.

  Emakumeen memoria historikoa berreskuratzea da udalak esleitu berri duen beka honen helburua. Hau da, Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak agerian jartzea;  lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan edota kultur mailan Oñatiko emakumeen ekarpena aztertzea. Ikerketa lana urtebeteko epean egin beharko da baina epaimahaiak hala irizten badu, beste hiru hilabetez ere luzatu ahal izango da. Bekak 12.000 €ko dotazioa du eta hiru zatitan ordainduko da: lehena, % 40a, orain jasoko dute onuradunek beka onartu berri baitute; %20a, sei hilabete barru ordainduko da, proiektua nola dagoen jakiteko epaimahaiak ebaluaketa egin eta gero, eta azken %40a, ikerketa aurkeztu ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!